Partekatu

Azken PISA txostenak eta haren emaitzek, nahitaez, hemendik aurrera zer ikaskuntza mota lehenetsi nahi ditugun galdetzera garamatzate. Agian kontua ez da bakarrik zer dakigun, baizik eta nola pentsatzen dugun. Eta hor sormenak osagarri izateari uzten dio konpetentzia estrategiko bihurtzeko.

Ruth Mayoral, KSIguneko zuzendari operatiboaren artikulua.

PISA ebaluazioaren azken txostenaren emaitzek erakusten dutenez, gure hezkuntza sistema ez da iristen ari gizarte aurreratu, berritzaile eta ezagutzan oinarritutako batek lortu nahi dituen bikaintasun mailetara, modu leunean esanda. Aldi berean, agerian uzten dute indargune garrantzitsuak izaten jarraitzen dugula hezkuntza ekitateari eta kohesioari dagokienez. Matematikan eta irakurketa ulermenean egin dugu porrot, baina gizarte kohesio nabarmena izaten jarraitzen dugu eta beste lurralde batzuek mantendu ezin dituzten desberdintasunak murrizten jarraitzen dugu. Ez aurrera ez atzera gelditu den sistema baten argazkia da, baina sistema horrek, hala eta guztiz ere, eraikitzeko oinarri sendoak ditu. Testuinguru globala ikusita, sistema integratzaile bat dugula esan ahal izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Duela egun gutxi horri buruz hitz egiteko aukera izan nuen Asocreako presidente Juan Pastorrekin izan nuen irrati-elkarrizketa batean. Elkarrizketa horretan, biek esan genuen PISAren emaitzak (oso txarrak) galdera ireki gisa planteatu behar zirela hemendik aurrera zer ikaskuntza mota lehenetsi nahi ditugun jakiteko. Elkarrizketa hori da, neurri handi batean, hausnarketa honen jatorria. Agian kontua ez da bakarrik zer dakigun, nola pentsatzen dugun baizik. Eta hor sormenak osagarri bat izateari uzten dio eta gaitasun estrategiko bihurtzen da.

Gaur egun, edozein ikaslek –edozein gizakik, egia esan– segundo gutxi batzuetan lor dezake informazioa; duela hamar urte, ordea, orduak eta orduak eman behar ziren informazio hori lortzeko. Ikasteko moduak erabat aldatu dira; geure buruari galdetu behar dioguna da irakasteko moduak ere erritmo berean aldatu ote diren. Hamarkadaz hamarkada, hezkuntza ezagutzak ematera bideratuta egon da batez ere. Baina ezagutza etengabe eskuragarri dagoenean, benetako balioa ez da informazioa eskuratzea, baizik eta informazioa ulertzea, interpretatzea, zalantzan jartzea, lotzea, aplikatzea eta eraldatzea. Hain zuzen ere, horiek dira PISAk ebaluatzen dituen gaitasunetako batzuk irakurketa ulermena, arrazoibide matematikoa edo gaitasun zientifikoak aztertzen dituenean.

Ez dezagun geure burua engaina ikasten ari direnen aurka eginez. Ergeltzeko aukera orokorra da. Guztiok gal ditzakegu gaitasunak, ez ikasleek bakarrik. Benetako arriskua dago prozesu kognitiboak adimen artifizialeko tresnen esku uzteko, gutxiago idazteko, gutxiago arrazoitzeko edo gutxiago hausnartzeko. Baina komeni da gogoratzea PISAk erakutsi dituen erronkak azaldu zirela adimen artifizial sortzailea hedatu aurretik ere: irakurketa ulermenean, pentsamendu kritikoan edo bikaintasun akademikoan dauden zailtasunak duela urte asko agertu ziren nazioarteko hezkuntza sistema askotan. Sakoneko kontua ez da adimen artifiziala debekatzea edo haren beldur izatea. Atzean dauden interesak kontuan hartzen badira, lehenengo aukera ezinezkoa da, eta eztabaida konstituzionala sortuko luke ziurrenik; hortxe dugu horren adibide bat: Frantzian 15 urtetik beherakoei debekatu egin dizkiete sare sozialak. Eta bigarrena, hau da, adimen artifizialaren beldur izatea, tira… egoera batzuetan bidezkoa da, saihetsezina, baina ez da oso eraginkorra.

Hortaz, AArekin hobeto pentsatzen ikastea besterik ez zaigu geratzen. Erantzunak jende guztiaren eskura daudenean, desberdintzen duena ez da erantzuna, galdetzen duguna baizik. Eta galdera onak egiteko, arazo garrantzitsuak identifikatu behar dira, baita eremu desberdinetako ezagutzak elkartu, begien bistakoak ez diren irtenbideak eman eta testuinguruak interpretatu ere: prozesu horietan guztietan, sormena gaitasuna da. Pentsatzea bezala da, baina pentsatzen jakinda.

Batzuen ustez, oraindik ere, sormena bigarren mailako zerbait da eta artearen edo kulturaren eremuarekin bakarrik du lotura. Baina PISAk funtsean zer neurtzen duen arretaz begiratuta (ezagutza benetako arazoetan aplikatzea, arrazoitzea eta egoera konplexuak konpontzea, informazioa ulertzea eta interpretatzea, pentsamendu zientifikoa eta matematikoa erabiltzea), ikusten da gaitasun horien guztien atzean, inoren harridurarako, sormena dagoela. ELGAk berak nabarmendu du sormena egungo egoeraren gaitasun estrategiko bat dela, eta azpimarratu du gaitasun hori zeharkako gaitasun gisa txertatu behar dela, irakurmenaren, matematikaren edo zientziaren maila berean, eta ez curriculumean gehitzeko aukerako eranskin gisa.

Espainian, erakunde batzuek, Asocreak esaterako, lehentasun hori bera aipatu dute; izan ere, defendatu dute sormena ez dela osagarri estetiko gisa ulertu behar, berrikuntzarako azpiegitura gisa baizik. Horretaz gain, sormenaren garapena hezkuntza eta kultura politiketan sistematikoki txertatzeko eskatu dute.

PISA gidatzen duten sistemek ere erakusten dute hori. Finlandian edo Singapurren, sormena ikasteko modu gisa txertatzen dute eta sistema osoan agertzen da: erronketan oinarritutako ikaskuntza, diziplinartekotasuna, curriculumenean agertzen diren arteak, pentsamendu kritikoa eta diseinukoa, gaitasun sozio-emozionalak, benetako arazoen konponbidea. Metodologia horien helburua edukiak erakusteaz gain, gaitasunak garatzea ere bada. Horretarako, gure irakasleek laguntza eta tresnak behar dituzte, eta, horretaz gain, elkarrizketa hezkuntza erakundeetatik haratago zabaldu behar dugu; izan ere, –nire lagun Juan Pastorrek dioen bezala– erantzukizuna ezin da hezkuntza erakundeena bakarrik izan.

Euskadik PISAren emaitzak alarma seinaletzat bakarrik hartu ordez, emaitzok inflexio puntu bihurtzeko aukera du. Unibertsitate ezagunak, erreferentziazko zentro teknologikoak eta ekosistema berritzaile sendoa ditugu, eta gero eta gehiago egiten dugu digitalizazioaren eta adimen artifizialaren alde. Baina badago beste aktibo bereizgarri bat, askotan elkarrizketa honetatik kanpo geratzen dena: gure zinema, musika, bideojokoa, komunikatzeko erabiltzen dugun geure hizkuntza eta haurrek eta gazteek egunean gutxienez zazpi ordu ematen dituzten ikasgela diseinatzea.

Elementu horiek guztiak gure kultura eta sormen industrien (1) parte dira, ikus-entzunezkoen sektoretik hasita arkitekturarekin bukatzeraino, liburutik edo arte eszenikoetatik igarota: irudimena, interpretazioa, komunikazioa, esperimentazioa eta esanahia sortzeko gaitasuna garatzen diren espazioak, narratiba, diseinua, ikus-entzunezko hizkuntzak eta gizartearekin harremana izateko modu berriak landuz etengabe. Gaitasun horietako asko aparteko garrantzia hartzen hasi dira adimen artifizialaren aroan.

KSIgunek egindako lanaren zati handi bat norabide horretan joan da, hain zuzen ere: sormena sektore ekonomiko bat izateaz gain, herritarren tresnak diren heinean gaur egun edozein hezkuntza estrategiarako funtsezkoak diren gaitasun espezifikoak –pentsamendu sortzailea, besteak beste– garatzeko espazio bat ere badela erakustea. Orain, galdera ez da zenbat dakigun, zer galdera egiteko gai garen baizik. Hori da, nire ustez, gainditu gabeko irakasgaia. Eta, horretarako, ikaskuntza modu berriak elkarrekin diseinatzen laguntzeko beharrezkoak diren erakundeak, unibertsitateak, sektoreak eta berrikuntza espazioak ditu Euskadik.

---

Irudia: © KSIgune/Konexioak_Topa/2025

---

Erreferentziak:

(1) Sektore kulturalak: Arte Eszenikoak, Arte Bisualak, Liburua eta Prentsa, Ondare Kulturala, Ikus-entzunezkoa eta Multimedia, Musika / Sormen-sektoreak: Publizitatea, Arkitektura, Artisautza, Bideo-jokoak, Gastronomia sortzailea, Diseinua, Moda, Hizkuntzaren industriak

---

Bilbliografia:

Gelmez Burakgazi, S. y Reiss, M. J. (2025). Exploring creative thinking skills in PISA: an ecological perspective on high-performing countries. Frontiers in Psychology, 16: 1554654. https://doi.org/10.3389/fpsyg.2025.1554654

OECD (2025). Seven Questions about Creativity and Creative Thinking: What Do PISA 2022 Data Tell Us? OECD Publishing, París. https://doi.org/10.1787/0aa52128-en
https://www.oecd.org/en/publications/seven-questions-about-creativity-and-creative-thinking_0aa52128-en.html

OECD (2022). Thinking Outside the Box: The PISA 2022 Creative Thinking Assessment. OECD Publishing, París.
https://issuu.com/oecd.publishing/docs/thinking-outside-the-box

OECD (2024). New PISA results on Creative Thinking: can students think outside the box? PISA in Focus, n.º 125. OECD Publishing, París. (Traducción al español: Ministerio de Educación, Formación Profesional y Deportes / INEE, 2024, Nuevos resultados de PISA sobre pensamiento creativo: ¿pueden los estudiantes pensar con originalidad?) https://www.libreria.educacion.gob.es/ebook/185432/free_download/

KSIgune, Goi Mailako Hezkuntza eta Ikerketako euskal klusterra kultura- eta sormen-industrietarako:
https://www.ksigune.eus/eu 

Albisteak, lotutako berriak

  • _Lab_evento

    Konexioak_Lab: Deialdi irekia

    ksiGune

    Udazken honetan, hainbat diziplinatako graduko, masterreko edo doktoretzako ikasleek edo graduatu berriek gure bootcamp artistiko-zientifikoan esperimentatzen ahal izango dute zinemaren, diseinuaren…

  • _Lab 2025

    Irtenbideen laborategi bat

    ksiGune

    Zure proiektua (berr)aktibatzeko unea da, zure enpresarentzat mugarri izan daitekeen ideia horretan lan egitekoa, eta begirada berria, unibertsitateko talentua eta berrikuntzarako bideari ekiteko…

  • Konexioak_proiektuak_HASZTAPENAK

    Benetako sormena ospatzea

    ksiGune

    Sormena, azken batean, gaitasuna, prozesua eta industria da, eta, halaber, balio kultural, sozial eta praktikoa. Kulturatik sortzen da, Hezkuntzatik aktibatzen da, Ikerketaren bidez artikulatzen da…