Partekatu

Sormena, azken batean, gaitasuna, prozesua eta industria da, eta, halaber, balio kultural, sozial eta praktikoa. Kulturatik sortzen da, Hezkuntzatik aktibatzen da, Ikerketaren bidez artikulatzen da eta mailarik gorenera heltzen da Lankidetzan gauzatzen denean. KSIgunek nodo gisa dihardu, sormena prozesu kolaboratibo bihurtuz, Kultura, Unibertsitatea, Industria eta Gizartea konektatuz. 

- Ruth Mayoral, KSIguneko zuzendari operatiboaren artikulua.

Kontuan hartuta apirilaren 21ean Sormenaren eta Berrikuntzaren Eguna ospatuko dugula, lerro batzuk idaztea erabaki dut. Ostiral batez, arratsaldeko azken orduan, zeregin bekatari honi ekitear nagoela, erabaki dut amaieratik hastea, berez oso osasungarria dena eta gure egungo bizimoduaren erritmoan gutxi praktikatzen duguna. Beraz, ez naiz hastapenetik hasiko, jatorri kontzeptuaren xehetasun edo zentzuan. Eta kontua ez da jatorrira zentzu hertsian jotzea, enuntziatuan bertan gelditzea baizik: “Sormenaren eta Berrikuntzaren Eguna” esapidean, “…ren eguna” dena, ez gehiago ez gutxiago.

Eta, kontuak kontu, Googleren arabera, hau idazten ari naizenean, - 2026ko apirilaren 17an, berriro diotsot: ostiral arratsaldez, oso arratsaldez—, ospatzen dira Hemofiliaren Nazioarteko Eguna, Laborarien Borrokaren Eguna eta Saguzarren Aitortzaren Eguna. Bai, saguzarrak, ez dutelako gutxiago merezi. Gure egutegia efemeridez beteta dago. Izan ere, garrantzitsua da garrantzia duena aitortzea —esan behar badut ere saguzarren kontu hori eszeptizismoz hartu beharrekoa iruditzen zaidala—, eta beti da positiboa “aitzakia egun” horiek egotea, zerbaiten balioa aitortzeko edota bultzada emateko ospatzen den horren inguruko laguntza egitasmoei.

Dena dela, nire ustea da gauza hauekin pixka bat gertatzen dela Sormenaren ideiarekin berarekin gertatzen dena. Sormena hainbeste lekutan dakusagunean —dilistei azukrea botatzean, adibidez—, kontzeptuak balioa galtzen du eta garrantzirik gabeko bihurtzeko arriskua du. Bada, ez, desberdina den keinu oro ezin daiteke sormenezko ekintzatzat hartu, berrikuntzarik ez dakarren modu berean. Sormena egon dadin, zentzu bat behar da, zentzu propio edo indibidualetik harago. Bestela, sormen lana banalizatu egiten da, eta ez-ezinbesteko bihurtu, beraz. Zer den Sormena niretzat… horren inguruko zenbait ideia ditut. Hasteko eta behin —nahiz eta hau bakarrik ez—, lagun handi batek dioen moduan: “Sormena da beste modu batez begiratzea betiko gauzei”. 

Gaitasunetik, prozesura eta balio erantsira

Statement-ari kasu eginez gero, sormena gaitasun bat da. Gaitasuna, albo pentsamendua behar duelako, gutxi-asko logikoa den horri zuzenean ez erantzutea. Irudimena behar du, berrinterpretazio eta sentsibilitate ariketa. Honetan ere, Kulturak —substratu sinboliko gisa— inpaktu determinatzaile bat du, eta, jakina, Hezkuntzak —sozializazio tresna den aldetik— gaitasun hau sustatzeko ahalmenik handiena.

Baina Sormena prozesu bat ere bada. Hainbat fase dituen prozesu bat, ideiatik hasi eta emaitzaraino. Emaitzak balio bat izan behar du, eraldatzailea izan behar du (berritzailea), eta pertsonak zer ezagutza mota menderatzen dituen, era batekoa edo bestekoa izango da. Jar gaitezen aukerarik zoragarrienean: pertsona horrek aukera egokiak ditu ikertzeko; are gehiago, eskatzea libre baita, aukera du beste ezagutza batzuk dituzten beste pertsona batzuekin elkarlanean ikertzeko.  Emaitzak izango dira potentzialki hobeak, eraldatzaileagoak, eta ekarpen handiagoa eta hobeagoa egingo dute.

Aurreko lerroak berridatzi eta industria hitza erabiliko dut pertsona hitzaren ordez: Emaitzak balio bat izan behar du, eraldatzailea izan behar du (berritzailea), eta industriak zer ezagutza mota menderatzen dituen, era batekoa edo bestekoa izango da. Jar gaitezen aukerarik zoragarrienean: industria horrek aukera egokiak ditu ikertzeko; are gehiago, eskatzea libre baita, aukera du beste ezagutza batzuk dituzten beste industria batzuekin elkarlanean ikertzeko.  Emaitzak izango dira potentzialki hobeak, eraldatzaileagoak, eta ekarpen handiagoa eta hobeagoa egingo dute.

Politika publikoen ikuspegitik, Sormena kontzentratu da Kultura eta Sormen Industriak izenekoen inguruan, Sormena darabiltenak emaitza ekonomiko, sozial eta antolakuntzakoa sortzeko. Zehazki, Euskadin, industria hauek hainbat sektore barne hartzen dituzte; besteak beste, Liburua eta Prentsa, Hizkuntzaren Industriak, Arte Eszenikoak, Ikus-entzunekoak eta Diseinua. Hori horrela, erabaki dut pentsatzea ezen sektore askotariko hauen multzoa industria gisa katalogatzeak berekin dakarrela haien garrantzia aitortzea, bai eta berrikuntzaren piztaile gisa baloratzea ere, sormena aplikatzen denean.   

Orobat, sormena da Balio kultural, sozial eta praktiko bat. Ohitu gara entzutera: Ez dago Arterik sormenik gabe, baina ezta Zientziarik ere. Eta, hala eta guztiz ere, praktikan, sormena gaizki ulertzen da sarritan, soil-soilik lotzen denean Artearekin, eta gainditu beharreko kontu bat da hori, zehaztasunez ulertzeko pentsamendua eta sormen prozesua. Artea sormenaren adierazpen librea den modu berean, sormenak eremu hori gainditzen du, edozein diziplina, industria edo jakintza arlotan egoteko. Sormenetik abiatuta, lengoaia eta adierazpen modu berriak sor ditzakegu —kultura balioa—, desafio kolektiboei aurre egiten lagun dezakegu, metodologia, begirada eta parte hartzeko era berrien bitartez, jakintzak elkar lotuz —balio soziala—, eta beste ikuspegi batzuk erabil ditzakegu, produktuak, zerbitzuak eta prozesuak hobetuta —balio praktikoa—. 

Diziplinak elkarrizketatzea eta konektatzea

Euskadin, non berrikuntza politika zientifikoaren eta teknologikoaren bihotzean dagoen, kontzeptua zabalduz joan da, eta onartu egin da kultura eta sormen industriak ez direla osagarri estetiko bat, ezpada bektore estrategiko bat. Jarduera ekonomikoa sortzeaz gain, gure desafio sozialei ekiteko modu berriak dakartzate, lengoaia berriak sortu eta elkarrizketatik urrun dauden diziplinak konektatzen dituzte. 

Alde horretatik, zentzu berezia hartzen dute, alor bakar batetik sortu beharrean, beste batzuek sortzeko, ikertzeko eta elkarlanean aritzeko baldintzak sortzen dituzten ekosistemek. Sormena ulertzen dutenak, ez emaitza bakan gisa, jakintza, lengoaia eta diziplina askotarikoak konektatzean aktibatzen den gaitasun gisa baizik. Euskampus, euskal unibertsitate sistemaren proiektu estrategiko gisa, bat dator ikuspegi horrekin, Zientziaren, ezagutza aurreratuaren eta ikerkuntzaren alorretik. Gainera, Kulturarekin “busti” egiten da esplizituki, eta ezinbesteko aliatutzat hartzen du, desafio konplexuei aurre egiteko, zeharkakoagoak eta adierazgarriagoak diren begiradetatik. Apustu horretan kokatu behar da Euskampusen bultzada KSIguneri, kultura eta sormen industrien potentziala berrikuntzaren ekosistemaren barruan artikulatzeko espazio modura.

Horrela, KSIgunek nodo gisa dihardu, sormena prozesu kolaboratibo bihurtuz, Kultura, Unibertsitatea, Industria eta Gizartea konektatuz. Kontua ez da gune bakar batetik ekoiztea, ezpada gaitasun banatuak aktibatzea, topaketa gertagaitzak erraztea eta beste batzuek beren ekarpena egin dezaten ekarpena egitea. Sormena kokatzen denean Zientziaren, Kulturaren eta Industriaren bidegurutzean, biderkatu egiten da haren gaitasun eraldatzailea.

Gainera, komeni da gogoratzea ezen sormena bultzatzeak sormena ere behar duela. Prozesuak errazteko, jakintza desberdinak konektatzeko eta lankidetza konplexuak sostengatzeko, lan espezifiko bat behar da, ikusezina askotan, eta lan hori egiten duten lantaldeek bitartekaritzan eta akonpainamenduan oinarritutako eguneroko lanean dihardute. Sormena denon ondarea dela aitortzeak berekin dakar ere balio ematea besteek sor dezaten posible egiten dutenei.

Gaurko munduak irtenbideak eskatzen ditu arazo oso korapilatsuentzat. Alde horretatik, inoiz baino beharrezkoagoa da sormena kokatzea estrategia publikoen eta hezkuntza estrategien erdigunean, ez osagarri inspiratzaile gisa, ezpada pentsatzeko, konektatzeko eta erantzun kolektiboak eraikitzeko egiturazko gaitasun gisa. 

Sormena, azken batean, gaitasuna, prozesua eta industria da, eta, halaber, balio kultural, sozial eta praktikoa. Kulturatik sortzen da, Hezkuntzatik aktibatzen da, Ikerketaren bidez artikulatzen da eta mailarik gorenera heltzen da Lankidetzan gauzatzen denean.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da sormena zorroztasunez tratatzea eta guztion ondasun gisa zaintzea.

 

Albisteak, lotutako berriak

  • Konexioak_Topa 2025

    KSIgune-n aukera bat dago zuretzat

    ksiGune

    2026ari ekin diogu, ikastegitara bisitak eginez, bilerak eginez, informazio saioak antolatuz eta ekitaldietan parte hartuz, gure klusterraren aukerak kultura eta sormen ekosistema osora hurbiltzeko.

  • Wearable Senses Lab

    Kultura eta Zientzia: Euskal berrikuntzaren eragilea

    ksiGune

    Berrikuntzaz hitz egiten denean, teknologia, patenteak eta industria lehiakortasuna izaten dira elkarrizketaren gaiak. Hala ere, bada aipatzen ez den pieza bat: Kultura. Arteak ez ezik, Humanismoa…

  • Konexioak_Topa

    Arteetarako, Kulturarako eta Sormenerako neurrira eginiko berrikuntza

    ksiGune

    2025ean, KSIgunek antolatu ditu bootcamp bat, prestakuntza eta ikerketarako bi deialdi eta sektore topaketa bat, 10 lankidetza ekimen berriren bidez, enpresetan berrikuntza sustatzeko eta inpaktu bat…